DELAIN - The Human Contradiction (2014)

Delain taldeak argi utzi du berriro ezer espero ez den lanak direla azkenean entzulea harritzen dutenak. Lan berriarekin datorzkigu holandarrak, apal, baina bikain. 
Ez laguntza berezirik ez beste munduko sustatze lanik ez da behar lan bikain bat aurrera ateratzeko. Lanak berak sustatzen baitu bere burua azkenean.

Gutxika- gutxika badoa Delain genero sinfonikoaren ikur bilakatzen. The Human Contradiction ez da horren eredua baino. 

Betiko estilo pertsonala eta Marco Hietala abeslari eta baxu-jolearen laguntza baino ez dute behar izan aurtengo diskorik onenetarikoa aurkezteko. Bitxikeri bezala, ahots guturalak. Has gaitezen.

Here Come The Vulturesek oso lasai hasten du diskoa. Hala ere lasaitasuna laister bukatu, eta doinu astunek hartzen diote aurre. Charlotten ahotsak zoramenean murgiltzeko pasarteak dakartza, Tim Burtonen pelikularen batean ondo geratuko litzatekeen lelo eta guzti. Oso hasiera oparoa.

Your Body Is A Battlegroundek, lan honen lehen singleak, harro heltzen dio lekukoari. Marco Hietalaren ahotsak ikutu ezin hobea eskeintzen dio diskoan aurki daitekeen abestirik gogorrenari. Stardust, bigarren singlea, komertzialagoa da. Estribillo oso itsaskorra dauka eta aurreko abestiek baino askoz doinu lasaiagoek osatzen dute. 

My Masquerade da The Human Contradiction honen ikur. Ez abestirik onena delako, aurretiaz kaleratutako kantua baita, gehiagoren esperoan utzi gintuena. Nahiko lasaia, lelo errezduna. Tell Me, Mechanist abestia izenburua bezain bitxia da. Ahots guturalek ikutu berezi bat ematen diote eta ezerezetik askatzen dute.

Sing To Me abestian aurkituko dugu berriro Marco Hietala. Balada itxuradun abesti indartsua, abeslari bien ahotsak bikain ari direnaren eredu. Eta baita Charlottek sopranoen inbidia zertan eduki ez duenaren eredu ere. Army Of Doll umilagoa da; Lullaby ere estilo berekoa, lelo itsaskorduna; The Tragedy Of The Commons ahots guturalek apaintzen dute; Scarlet, diskoko balada bakarra; eta, azkenik, Don't Let Go, elektronikoa eta hobetu litekeena. 

Oro bat esan daiteke Delain taldeak etxeko lanak egoki bete dituela The Human Contradiction honekin. Duda izpirik gabe aurtengo diskorik onenetarikoa. 

- Puntuazioa/ Score: 9/10
- Abestirik onena: Your Body Is A Battleground